Kultura Baliabide Partekatua (2.go saioa): Ideiak Eztabaidatzen

Irudia: Carla Boserman
2. saioak bi zati izan zituen.
Lehenik, taldearen antolaketaren baldintza orokorrei buruz eztabaidatu genuen: ordutegiarekin lotutako bateragarritasunak eta bateraezintasunak, asmoak, epeen eta eginkizunen kudeaketa, esfortzuaren iraunkortasuna, beste talde batzuekiko harremana eta Hirikilabs-ek ematen duen lan marko orokorrarekiko harremana. Gure lanak Hirikilabs Hiri Laborategiaren kontzeptuarekin bat egitea nahi genuen, beste talde batzuek gauzatutako proiektuen bidetik, haiekin ildo askotan gatozelako bat. Taldeek badute elkarri zer kontatu; beraz, trukerako eta feedbackerako saioak antolatzen saiatuko gara.
Saioaren bigarren zatian proiektuaren ideiei buruz hausnartzen aritu ginen. Abendurako Hirikilabs-en bidez programak eta ekintzak antolatzeko lan-ildoaren eredua finkatu nahi dugu. Zenbait proposamen eztabaidatu genituen.
Indar gehien hartzen ari den ideietako bat liburutegi publikoetan ordaindutako maileguaren aurkako ekintzetan laguntzea da. Gure ustez, arazo horrek oso ondo erakusten ditu kultura ondasun komuntzat jotzeak (edo ez) dituen berehalako ondorioak. Horren bidez, hartzaile ugarirengana irits gaitezke, baita ondasun komunaren edo kultura librearen berri ez dutenengana ere. Ideia horretan sakontzeko, No al préstamo de pago ekimenari buruzko estekak eta informazioa bildu genituen. Ekimenaren web orriak testuak, albisteak eta gaiari buruzko ekintzak egiten dituzten hirien mapa biltzen ditu. Ekimenean parte hartzen duten Donostiako pertsonekin harremanetan jartzea bururatu zitzaigun, ekintza bat antolatzeko, sentsibilizazio kanpainari buruzko eredu bat sortzeko, etab. Ildo beretik, AEDE kanonari eta Internet jakintza-trukerako gunea izatearen aurkako bestelako erasoei aurre egiteko ekintzak ere interesatzen zaizkigu. Gure lan-markotik ekimen horiekin bat egiteko moduei buruz aritu ginen.
Lizentziak libreak erabiltzen dituzten erakundeen, taldeen, argitaletxeen eta erakundeen mapaketa egiteko proposamena egin zen, baita #10penkult proiektuaren barruan sortu zen glosarioari berriz heltzekoa ere. Kode irekiko kultura-jardunbideen dekalogoa, 2012an Tabakaleraren babesaz, Susana Serranoren zuzendaritzapean eta booksprint metodologiari jarraiki sortutako lankidetza-argitalpena. #10penkult glosarioan kode irekiko kultura zabaltzen eta oztopatzen zuten hitzetako batzuk definitu ziren, esaterako: parte hartzeko arkitekturak, bottom-up, hacker, dohaintzaren ekonomia, zaintzaren etika, fablabs, install party, karma, zaharkitzapen programatua, P2P, permakultura, pribatutasuna, errizoma edota ugalketa-lana.
Kultura libreari buruzko trebakuntza-kita sortzea ere planteatu genuen, ¡Cópiame! Kit formativo #opendata para responsables públicos inspirazio iturri hartuta. OpenKratio erakundeak gobernu irekiaren (open government) eta datu irekien (open data) paradigmak lantzen ditu. Gure kasuan, kultura eta ezagutza librea jabari publikoko baliabide gisa aldarrikatuko genituzke, eta ezagutza «gordetzen» duten erakunde publikoei edo herritarrei zuzenduko genien bereizi beharko genuke.
57 Things To Do For Free in Harvard Square bideoa ere erabili genuen inspirazio-iturri moduan. Horretan oinarrituta, Donostiako leku jakin batean antzeko performance bat egiteko aukera aztertu genuen, hirian doan egin daitezken jarduera kulturalak nabarmentzeko asmoz. Alde batetik, ekintza erakargarria iruditu zitzaigun, freskoa eta gertukoa delako; bestalde, gatazkatsutzat jo genuen, ondare komuna doakoarekin lotzen duelako. Jabari publikoa askotan doakoa izan arren, haren ezaugarri nagusia ez da kosturik ez izatea, inorena edo denona izatea baizik. Halaber, doako kulturako elementu guztiak ez dira libreak edo jabari publikokoak izaten, eta beste arrazoi batzuengatik izan daitezke doakoak. Richard Stallman softwarearen guruak esango lukeen bezala, free as free speach, not as free beer (libre adierazpen askatasuna bezala, ez barra librea bezala). Hala ere, ideia horretatik abiatuta beste bat bururatu zitzaigun eta, azkenean, hori aukeratu genuen: Donostiako ondasun kultural komunen gida sortuko dugu.
Hirugarren saioa, azkena, eredu hori sortzen emango dugu.