Lantalde bat talde eragile bat da eta gai jakin batzuen inguruko ikerketa-ildoak martxan jartzeko erakundeak duen beharrari erantzuten dio, ezagutza sortzea, proiektuak artikulatzea eta komunitatea sendotzea xede izanik. Lan-ildo zehatz horietatik abiatuta, taldeak (kultura baliabide partekatu gisa, artisau berriak, kode kreatiboa eta ikaskuntza areagotua) kanpoko errealitatearekin konektatzen eta bitartekari lanetan aritzen dira, eta komunitatearen beharrak eta hari lotutako eragileak hautematea da beraien helburua. Lantaldeek ezagutza sortuko dute, eta horri dagokion jarduera-programa bat artikulatuko dute, eta proiektuak proposatuko dituzte aldi berean. Taldeak Hirikilabs proiektuaren garapena ebaluatzeko eta aldaketak proposatzeko gai izango dira.
Kode Kreatiboaren taldean erantzuten saiatzen ari diren galderetako bat hauxe da: erabil daiteke kodea adierazpen artistikoaren modu gisa? Bestalde, gaur egungo sorkuntza-moduei erantzuten saiatzen ari da.
Taldearen lehenengo ideia galdera honi erantzutea izan zen: Zer da kode kreatiboa? Horretarako, kode kreatiboaren ekosistemaren kartografia bat egiten hasi ziren. Bertan, kategorizazio-sistema bat osatzen ari gara, erabilgarri izan daitezkeen erreferentzia interesgarriak bilduta.
Sistema kapitalista horrek norabide bakarreko bideak sortzen ditu eta hiperespezializazio horretan, zaila da gune sortzaileetan edo adierazpen moduetan barrena ibiltzea. Hona hemen adibide batzuk: karrera musikal bat egiten duten pertsonek gaitasun teknikoak eskuratzen dituzte instrumentu bat jotzeko, baina bide horretan, inprobisatzeko gaitasunak atrofiatuta gelditzen dira. Softwarea garatzeko munduan antzeko zerbait gertatzen da. Produktibitateak agintzen du eta nahiz eta merkatuek elementu bereizgarriak bilatzen dituzten, egiaz lan egiteko modu mekanikoan sartzen gara eta, ondorioz, emaitza berak lortzen ditugu.
Bien bitartean, esperimentazio artistikoa, interakzio forma berriak, irudikapena eta metafora etengabe lantzen diren eszenak eta tokiak daude, baina ez dira iragazkorrak gainerako munduarekiko. Giro horietan ere endogamia da araua, eta prozesu artistikoekin nahas daitezkeen joera errepikakorrak sortzen dira, baina kasu askotan, teknikaren adierazpenak dira.
Sistemak nolakoak izan behar dugun eta gauzak nola egin behar ditugun modu sotil bezain konplexuan esaten digu, baina esateko modu hori hain da irmoa, oso zaila dela, adibidez, emakumeak topatzea artea eta teknologia nahasten diren toki batzuetan (adibidez: live coding). Ez dago emakumerik toki horietan genero kontu batengatik, eta, hori, «ikaskuntzako» prozesu horietan zerbait arraroa gertatzen den zantzu garbia da, eta, noski, ez du zerikusirik gai biologikoekin. Debate interesgarri eta konplexu honek eta beste batzuek gogoetarako bidea ematen dute.
Taldearen gakoetako bat da aurrez aurre begiratuta bakarrik nahasi ahal izango garela eta egin ahal izango dugula aurrera kodea adierazpen modu arrunt eta ez –gaur egun ikusten dugun moduan– partzial gisa erabiltzen den tokietara.
Beste debate bat kodeari buruzkoa da: zer da kodea? zer da programatzea? zer da kode kreatiboa? zer da artea? eta abar. Erantzunak amaigabeak dira. Ondorio argi bat da txikia ez den pertsona multzo batek «kodea» behar duela adierazi ahal izateko, istorioak kontatu ahal izateko, eta hori zirraragarria da. Baina ez da zirraragarria soilik «obra artistikoetako» azken emaitzengatik, baita kodea idazteko moduarengatik ere. Hemen programatzaile batzuek «ingeniari»ez hitz egin beharrean «softwarearen artisau»ez hitz egiteko duten joera erreskatatzen da, lehenengoen kaletetan. Eta zer gertatuko litzateke artistak eta sortzaileak elkartuko bagenitu softwareko artisauekin? Eta arazo berak konponarazten badizkiegu? Hori lan-ildo oso argia da eta praktikan jarri nahi dugu.
Lantaldeak bideak batzeko zer zubi behar diren pentsa dezake. Lan asko dago egiteko oraindik, baina aukera asko daudela antzematen da. «Edo kodea egiten dugu edo kodea gara. Programazioa zabaldu egin behar da, zeharkatu egin behar gaitu.»