Hiri laborategia teknologiaren aplikazio eta modu anitzetatik abiatuta herritarren proiektuak, jakinminak eta komunitateak garatzeko gunea da. Hiri laborategia ezagutza eta bizipen pluralak abiapuntu hartuta, modu ireki eta zabalean lan egiteko esperimentazio ingurumena da. Hiri laborategia modu partekatu eta zeharkakoan ikasteko edo irakasteko lekua da. Hainbat eta hainbat izan daitezke hiri laborategiaren esanahi eta definizioak eta malguak dira benetan modu honetako laborategi batek izan beharreko ezaugarriak, gehien jota, hiri laborategiak bere izendapenaren baitan egiten duen aitorpena da hau definitzen duena, hiritarra edo herritarra den esperimentaziorako gune da.
Esperimentazio gune bezala laborategiek teknologia ezberdinekin zerikusia duten tokiak dira, bertan teknologiak proiektu eta ezagutzak praktikara eramateko erabiltzen dira eta baita ikerketarako ere. Horrez gain, gaur egun teknologiak gure bizitza zeharkatzen duela esan genezake eta, ondorioz, laborategian teknologiekin lan egiteaz aparte hau non-nahi topa dezakegula esan genezake. Hori dela-eta, logikoa da baita ere laborategietan teknologien erabileraren inguruko gogoetari atentzio berezia ematea.
Hirikilabs teknologia zergatik, nola eta zertarako erabiltzen dugun hausnartzeko eta horren inguruan esperimentatzeko gunea izan nahi du; bertan teknologia ez da helburu bat, bide bat baizik, prozesuaren erdimuin izatetik prozesuaren parte (garrantzitsu) izatera. Hirikilabs Tabakalera nazioarteko kultur zentroan teknologiaren erabilera soziala, kritikoa, sortzailea eta kolaboratiboa uztartzen dituen kultura digitalari eta teknologiari eskainitako laborategia denez, teknologia hainbat ikuspuntutik aztertu eta berarekin sortzen diren hartuemanak modu kritikoan lantzea helburu du, horretarako hainbat proiektu, lantalde eta prozesu erabiliaz hurbiltze modu ezberdinak ere bermatuz. Zentzu horretan herritarrengan ere teknologiarekiko hausnartze kritikoa eragiten delakoan. Begirada kritikoa, tresnak eta partekatu-zabaltzeko dinamikak menperatzea burujabetzarako bide direla ulertzen dugu beraz.
Hiru dira burujabetzearen bide horretan laborategian burutzen ari diren prozesu nabarmenenak:
- Software eta hardware libre tresnetan trebakuntza. Lantegi moduan libreak diren hainbat software (gimp, freecad, inkscape, blender, kicad…) eta hardware (3d inpresorak, arduino, shapeoko moduko fresadorak ) tresnetan hastapena egiteko saioak errepikatzen dira aldiro laborategian modu publiko eta doakoan.
- Teknologia eta hezkuntzaren arteko uztartzearen analisia. Bigarren hezkuntzan batez ere ari diren irakasleekin martxan jarritako lantalde irekiak Ikasgelatik laborategira liburuxkaren argitaratzea izan zuen lehen emaitza bezala. Gerora ikasgelatik laborategira urteroko topaketa bilakatu da eta bertan hezkuntzan teknologia berrien sarrerak (robotika, kodea, 3d inpresioa, STEAM mugimenduak) izan ditzaken zergati eta moduak aztertu eta egiteko era eredugarriak planteatzen saiatzen dira.
- Egiteko modu irekien inguruko praktikak. Herritarren proiektu (Hirikilabs Plaza) eta lantaldeak (Lantalde irekiak) garatzeko orduan partekatzea eta irekitzearen praktikak sustatzen dira ere pedagogia ireki edo librezalea ahalbideratzeko asmoz.
- Herritarren ikerketa grina sustatzeko bideak. Gure inguruari modu kritikoari so egiten dioten proiektuei tresna teknologiko eta egiteko modu irekiak hurbiltzeko hainbat saiakera egin ohi dira laborategian. Hauen artean ingurumena aztertzen duen taldea edo datuen bisualizazio edo analisiari esker gobernu irekia, datuen irekiera edo etxebizitzaren egoera bezalako gaiak aztertzen dira. Era honetako proiektuek kultura zibikoa delakoa sustatzeko helburua dute, hau da, herritarren partehartzea eta erantzukizuna balorean jartzea da beraien helburu nagusietako bat.
Subirautza herritarrek egiten dute bereganatze eta ulermen prozesu bat bezala hartzen dugu laborategian, era horretan teknologiarekiko etorkizunean izango diren erronken aurrean gizarte jantziago eta babestuagoa izango garelakoan. Inteligentzia artifiziala, automatizazioa, sareko pribatutasuna edo kontrolak eguneroko bizitzan izango duten oldartzea, lehenago edo beranduago gizarte mailan landu beharreko gaiak izango dira. Ezagutza irekitzea edo software eta hardware librearen erabilera gai hauen ondorioak ulertzeko lanabesak izan daitezke, beste alternatiba batzuk gure esku ditugula ere agertuz.
Ibai Zabaleta Urrosolo
Hirikilabs laborategiko koordinatzailea