Proiektua

Ikasgelatik laborategira

Argitalpen hau STEAM1: Hezkuntza-arloko laborategiak lantaldeak gauzatutako hausnarketa-prozesuaren ondorioa da; lantalde horrek hainbat bilera egin ditu 2015eko azarotik aurrera Hirikilabsen.

Taldea Ikasgelatik laborategira

Ikasgelatik laborategira

Hezkuntza arloan laborategi irekiak sortzeko jardunbide egokiak

Talde hau martxan jartzeko abiapuntua izan da askoren artean kezka sortu dela industriak laborategiak “paketatu” izateagatik, industriak hezkuntza-sistema merkatu gisa ikusten baitu, eta ahaztu baitu teknologia gizaterian, eta bereziki, hezkuntza-testuinguruetan nola, zergatik eta zertarako erabiltzen den. Taldean hainbat pertsona daude arlo horretan lan egin dutenak beren praktikaren eta esperientziaren bidez, zeinak hezkuntza-ingurune irekiak eraiki baitituzte, sormenean, aurkikuntzan eta hainbat diziplina-eremuren eta ezagutza sortzeko eta partekatzeko hainbat moduren arteko hibridazioan oinarriturik.

Lehenengo fasean, 2015eko azaroaren eta 2016ko otsailaren artean egin zen “Topaketa eta kontrastea” izenekoan, prozesuaren oinarriak ezarri ziren, ekimenen mapaketa bat gauzatu zen eta ikuspuntua deskribatzeko funtsezko ideiak definitu ziren. Horien artean, aipatzeko modukoa da teknologia hezkuntza-arloaren barruan eta kanpoan ezberdin ulertzen dela. Isolatuta dago, eta soilik irakasleen ehuneko txiki baten ahaleginari esker existitzen dira laborategiak eskoletan. Era berean, agerikoa da laborategiak bilakaera bat izan behar duela sormen-guneak eta -praktikak izateko bidean, eta horretarako, makinak hor izan daitezkeen edo izan ez daitezkeen bitarteko bat dira, eta teknologia zentzu zabalago batean ulertzen da, alegia, diziplinen eta esperimentazio- eta barneratze-guneen arteko konexio gisa.

Testuinguru horretan, laborategiak definizio zabalago bat hartzen du, ez soilik guneari dagokionez, baizik eta laborategiko praktikei, filosofiari dagokionez. Taldeak erabaki zuen irekitzea eta elikatze/atzeraelikatze dinamikak bilatzea esperientzia eta ikuspuntu ezberdinak eman ditzaketen pertsonekin, eta hala, “Ikaskuntza eta bisibilizazioa” izeneko prozesuaren bigarren fasea hasi zen, eta fase hori 2016ko martxoaren eta ekainaren artean gauzatu zen. Prozesurako praktika interesgarriak ikasteko eta ikusgai jartzeko asmo bikoitzarekin, hainbat elkartze garrantzitsu egin ziren hezkuntza-eremuko “laborategien” fenomenoaren inguruko ulermena handitzeko. Horretarako, Margarita Padilla, Danel Solabarrieta, Jokin Lacalle, Jabi Luengo eta Paola Guimeransen ekarpen preziatuak jaso ziren, eta elkarteen, generoaren, metodologien eta STEAM hezkuntzaren inguruko ideiak eta esperientziak aztertu ziren.

2016ko irailean lan-prozesuaren hirugarren fasea hasi zen, hezkuntza-arloko laborategien asmoari ekiteko praktika onen gomendioak jasotzeko eta praktika on horiek argitalpen honetan antolatzeko. Susanna Tesconik prozesuaren alderdi honen dinamizatzaile-lanak egin ditu eta hausnarketa honako alderdi hauen inguruan eratzea erabaki zen, prozesua eraikitzeko zutabe gisa.

Pausuz pausu

Ikasgelatik laborategira. Argitalpena

Proiektua eta argitalpenaren inguruan antolatutako jardunaldien informazio guztia Makusin, Tabakalerako artxiboan.