Eta puntu! lantalde irekiak puntua egitearen eta horrekin zerikusia duen sortze eta partekatze prozesuetan egiten du lan, gai horretan interesa duten pertsona eta adituentzat topagune izateko.
Parte-hartzaileek puntu mota ezberdinak ezagutu, puntuak gehitu / kendu eta bestelakoak ikasi eta praktikatzeko amankomuneko interesa dute. Artisau lan hauen ezagupen transmisio prozesuari jarraipena ematen diote ahoz zein idatziz. Tarteka ere laborategitik atera eta beste espazioetan ikusi ahalko zaie elkarlanetan.
2018 urtean hasi ziren elkar ezagutzen, Ubik sorkuntza liburutegian egindako lantegietan. Pixkanaka, parte-hartzaileen arteko harremanak sortu, amankomuneko interesak finkatu eta autonomia garatzen joan dira, 2024ean Medialab Tabakalerako Lantalde Ireki bihurtu arte.