Proiektua

Open Immersion Thermal Circulator (OITC)

OITC jakiak tenperatura baxuan prestatzeko sukaldeko gailu baten etxeko bertsio libre eta birziklatua da. Gailuaren osagai guztiak oinarrizko elementuak edo erraz eskuratzeko moduko elementuak dira.

Taldea Food Hack Lab

Open Immersion Thermal Circulator (OITC)

Open Immersion Therman Circulator (OITC) jakiak tenperatura baxuan prestatzeko sukaldeko gailu baten etxeko bertsio libre eta birziklatua da. Gailuaren osagai guztiak oinarrizko elementuak edo erraz eskuratzeko moduko elementuak dira; horregatik, kuriositatea duen edozeinek sortu dezake maila aurreratuko sukaldeko tresna profesional propioa. Immersion Thermal Circulator edo ITCa, funtsean, termostato bat da; 5 ° eta 100 °C bitarteko tenperatura konstantea sortzen du. Horri esker, elikagaiak marian berotzearen antza duen sistema baten bidez kozinatzen dira. Oso zehatza da: ontzian dagoen tenperatura homogeneoa da ura mugitzen duten helizeei esker, eta horrek bermatu egiten du elikagaia modu kontrolatuan egosiko dela. Kozinatze-teknika horrek uztartu egiten ditu elikagaiak hutsean (sous vide) eta tenperatura baxuan kozinatzeko teknikak. Gainera, ahalik eta gehien errespetatzen da elikagaien egitura naturala; izan ere, prozesu horretan ez da oxidaziorik gertatzen eta elikagaiak beren zukuan prestatzen dira.

Sukaldaritza-industrian, ia produktuaren kalitatea bezain garrantzitsua da produktuari ematen zaion tratua, eta horregatik, elementu berritzaileenak sukaldeburuek eta jatetxeek diseinatzen dituzten teknikak eta tresnak dira. Gaur-gaurkoz, tresna batzuk sukaldeburuek eta beren taldeek diseinatzen dituzte, eta horixe da, hain zuzen, jatorrizko Immersion Thermal Circulator tresnarekin gertatutakoa. Gaur egun sukaldari profesionalek gehien erabiltzen duten ITCa El Celler de Can Roca jatetxeko sukaldeburu Joan Rocak eta La Fonda Caner jatetxeko Narcís Caner-ek diseinatu zuten Roner markakoa da. Gailu horri esker, profesionalek beren errezeten kalitatea hobetu dute. Are gehiago, gutxi dira gaur egun horrelako tresnarik ez duten sukaldeak. Une honetan, mota horretako tresna profesional batek 1500 € inguru balio du; dena den, antzeko soluzioak prezio merkeagoan eskaintzen dituzten Kickstarter proiektuak eta bertsio domestikoak ere hasi dira zabaltzen.

Open Immersion Thermal Circulator proiektua Hirikilabs-Plazako proiektu irekien 5. deialdian aurkeztu zuen Andoni Munduatek 2016ko otsailean. Beste bederatzi proiekturekin batera izan zen hautatua; horien artean, aipatzekoak dira, adibidez, etxeko mikroberotegi bat garatzea, rover robot bat garatzea, zarata neurtzeko semaforo bat sortzea eta gorputz-atalak 3Dn inprimatzeari buruzko ikerketa bat. Aurkezpena egin eta gero, prozesua zuzendu duten 4 pertsonako talde egonkor bat sortu zen, eta Plazako eta Hirikilabs taldeko kideen laguntza jaso dute aldian-aldian.

Pausuz pausu

  • PID kontroldun termostatoa [3] http://goo.gl/ohpYY1
  • Erresistentzia (x2) [7] https://goo.gl/90OAHc
  • Entxufe emea • 600 eta 800 rpm bitarteko motorra [9]
  • 220v-12v bihurgailua [8]
  • LED argia, erresistentzia martxan dagoela jakiteko
  • Argidun luzagarri bipolarra [4]
  • Errelea
  • Erresistentzia babesteko kaiola [10] http://goo.gl/hazpY1
  • 3Dn inprimatutako piezak:
  • UI karkasa [1]