Horkonpon – DIY konponketa tailerra

Nik irratia konpontzen lagunduko dizut eta zuk, trukean, erakutsi galtzak nola josi

Tabakalera eta DSS2016EUk HorKonpon ekimena jarri dute abian, erreparazio edo konponketarako gunea, norberak konpontzen ez dakiena beste batek erakutsi eta bien artean egiteko tailer irekia.
Olatu Talkaren asteburuko igandean egingo da, maiatzaren 31n, 11:00etan, 2016 Gunean eta parte hartzeko epea irekita dago.
HorKonpon egunerokoan erabiltzen dugun hainbat tresna konpontzea eta berrerabiltzea ardatz hartzen duen tailer irekia da. Herritarrak autonomoago bihurtzea (do it yourself) eta talde-lana sustatzea (do it with others) ditu helburu. Horretarako, adin eta gaitasun ezberdinetako jendea elkartu nahi ditu eta, teknika eta teknologiari buruzko ezagutzak partekatzearen bidez, elkarrengandik ikasteko bideak ireki nahi ditu.
Ekimena Tabakalerak eta DSS2016EUk jarri dute abian, teknologia herritarren zerbitzura jartzea helburu duen Hirikilabs laborategiaren bidez. Donostiako Udalaren Donostia Lagunkoia programaren laguntza ere izan du.
Tokiko zein nazioarteko antzeko beste ekimen batzuk hartu dira eredu gisa HorKonpon prestatzeko orduan; besteak beste, duela urte batzuk Herbehereetan sortu zen eta nazioartean zabaldu den Repair Cafe eta, hurbilago, Bergarako KafeKonpon taldea.
horkonpon banner
Lehen saioa maiatzaren 31n egingo da, Olatu Talkaren programazioaren baitan, 11:00etan, 2016 Gunean, ekimena agerian jartzeko eta ezagutzera emateko xedearekin. Edonola ere, aurrera begira, Olatu Talkatik kanpo ere jarraipena izateko bokazioarekin jaio da HorKonpon.

Zer irakatsi edo/eta ikasi?

HorKonponen parte hartzeko ondoko bi baldintzetako bat (ala biak) bete beharko du edonork: askotariko eskulanen arloan irakasteko zerbait izatea edo ikasteko gogoa izatea. Azken batean, helburua da ahal bezainbeste abilezia eta ezagutza partekatzea, tankera honetako eginkizunak taldean egin ahal izateko: arotz-lanak, joste-lanak, elektrizitate-lanak, mekanikarekin lotutako zereginak, zapaten konponketa, etab.
Beraz, irrati, entxufe, jostailu, kremailera edo bestelako edozein traste konpontzeko gai den edonor gonbidatuta dago HorKonpon gunera etortzera. Bestalde, funtzionatzen ez duten gailu guztiak ganbara eta trastelekuetatik atera eta 2016 Gunera ekartzeko deia egin nahi du antolakuntzak, parte-hartzaile guztion artean konponduko baititugu.